sábado, 27 de julio de 2019

BAREAREN DANTZA

Gai al zara bare baten ibilera lasai eta lindirgatsuaz minutu batzuz gozatzeko?
Zure ttikientzat deigarria al da bare edo barraskilo bat eta honen martxa ikustea?
Galdera horien erantzuna baiezkoa bada... poztu zaitez, zorionekoa zu!!!

Gauza sinplez, detaile ttikiz dago osatua mundua, eta detailetxo horiek dira mundua benetan eder egiten dutena.
Emaiegu aukera gure ttikiei detaile horietan gelditzeko, detaile horietaz gozatzeko, eta saiatu gaitezen gu gerone ere, eguneroko errutina azkar horretatik ateratzen eta detailetxo "mantso", "sinple" horietaz gozatzen.

Nik lantzen dudan 0-3 urte tarte horretan, haur bati barraskilo/bare batek ikusmina ez sortzea, gauza sinple eta lasai horietaz ez gozatzen jakitea, nere ustetan kontutan hartu beharreko seinale txar bat litzateke. Adin horietan haurrei edozein animalitxok, eta honek egiten dituen martxa azkar edo geldoak atentzioa deitu beharko lieke, eta guk helduok, lasai ederrean une horietaz gozatzen utzi beharko genieke, beraien eskubidea baita!!!

Bertzalde, bare batek edo bertze animalia batzuek eragin ditzazketeen erreakzioen inguruan honakoa erran nahi nuke:
Ez dakit ohartu zareten, 0-3 urte bitartean haur gehienek beldurra errex eta naturalki adierazten duten moduan, nazka emozioa ez dutela errex adierazten, eta adierazten badute, normalean helduoi aditzen digutenagatik izaten dela. Adibidez, kaka ez dute guk helduok bezala gaitzesten, alderantziz, ikusmina sortzen die eta beraiek egiten dutena, lorpen bat bezala erakustea gustatzen zaie kasu aunitzetan.

Ez ditzagun gure ttikiak naturak dituen altxor horietatik aldendu. Saiatu gaitezen "bggg... que asco" edo "ze nazka" bezalako adierazpenak gure baitarako gordetzen, eta babestu dezagun, batez ere lehendabiziko urte horietan, beraien aurrejuzgurik gabeko begirada zoragarri hori. Gogoratu gure haurtxoek ez dutela gure gustu eta emozio berdinak izan beharrik. Beraiek erabaki dezatela denboraren poderioz, zer den nazka, beldurra, gozamena eragiten diena faborez!!!